Relamento KZgunea
KZguneak erabiltzaileen araudia eguneratu du
KZguneak bere araudia eguneratu du, erabiltzaileek KZguneetan dituzten eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituen dokumentua.
KZgunearen araudia erabiltzaileek KZgunean eskaintzen diren zerbitzuak erabiltzean dituzten eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituen dokumentua da. Erregelamendu hori aldian-aldian berrikusten da, zentroen funtzionamendu egokia, zerbitzuaren kalitatea eta ingurune seguru eta errespetuzkoa bermatzeko beharrezkoak diren alderdi guztiak biltzen dituela ziurtatzeko.
KZgunearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen gaitasun digitalak indartuko dituzten zerbitzuak ematea, arrakala digitala murrizteko eta, horrela, 2028ko EAEko Sektore Publikoaren Eraldaketa Digitalerako Planaren helburuak babesteko, honako funtzio hauen bidez:
- Ekipamendu informatikoz hornitutako zentroak prestatu eta mantentzea, udal erakundeekin lankidetzan eta zentroetako hezitzaileek zuzenduta, honako zerbitzu hauek eskaintzeko:
- Informazioaren eta komunikazioaren teknologia berriei (IKT) buruzko formakuntza, modalitate ezberdinetan eskainitako hainbat gairen inguruko ikastaroen bitartez, zentroen azpiegitura eta erabiltzaileen gailu teknologikoak erabiliz, kasu batzuetan.
- IKTen erabilera egokiari buruzko aholkularitza pertsonalizatua, eskuragarri dagoen formakuntzari laguntza eta balioa gehitzeko eta, hala, erabiltzaileei euren gailu teknologikoen erabileran laguntzeko.
- Erabiltzaileei Eusko Jaurlaritzarekin izapide elektronikoak egiten laguntzea.
- Beste erakunde publiko batzuek IKTekin lotuta eskaintzen dituzten zerbitzuak babestea (ziurtagiri digitalen tramitazioa, Metaposta zerbitzuan altak kudeatzea, gaitasun digitalak egiaztatzeko ziurtagiriak...).
- Enplegu-bilaketari bideratutako ekimenean Lanbideri laguntza ematea, enplegu eskatzaileak trebatzeko.
Zerbitzu horiek ahalik eta ondoen eskaini ahal izateko, beharrezkoa da KZguneak eta haren erabiltzaile guztiek konpromiso eta betebehar batzuk izatea. Jarraian, erabiltzaileek KZgunea zentro guztietan dituzten eskubideak eta betebeharrak zehaztuko ditugu, baita zentro horietan dauden plataforma digitalak ere:
Eskubideak
Zentroko langileen arreta jasotzea, euren denbora-erabilgarritasunaren arabera, lehentasun irizpideei erreparatuta, betiere zalantzak argitzeko KZguneak bere sarean ematen dituen zerbitzuen erabilerari buruz.
- Zentroak eta zentrootan eskainitako zerbitzuak baliatu ahal izatea, gizon-emakumeen arteko berdintasun-irizpideei lotuta eta sexu-, jatorri- eta/edo erlijio-arrazoiek eragindako diskriminaziorik gabe.
- Zerbitzu guztiak doan erabili ahal izatea.
- Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan (euskara edo gaztelania) arreta jaso ahal izatea.
- Datu pertsonalen konfidentzialtasuna bermatuta edukitzea eta zentroetan egindako jardueren pribatutasuna gordetzea.
- KZguneako Formakuntza Eskaintza osatzen duten formakuntza-ekintzetako izenematea kudeatzea, gure webguneko gune pertsonalaren bitartez.
Betebeharrak
KZguneko zentroetan eta plataforma digitaletan eskaintzen diren zerbitzuak erabili ahal izateko, erabiltzaileek zerbitzuan izena eman behar dute eta erabilera-araudi hau onartu.
- Zentroaren ardura duten langileak erabateko errespetuz eta adeitasunez tratatzea, eta haien esana entzutea.
- Ez izan zentroko langile edo beste erabiltzaileekiko jokabide erasokor edo oldarkorrik eta haien askatasun pertsonal-sexualari edota duintasunari erasorik ez egin.
- Interneten ibiltzeko denbora-mugak betetzea, zentro bakoitzak finkatutakoaren arabera. Lehentasun osoa izango du beti zentroa formakuntzarako erabiltzeak. KZguneak aldatu ahal izango du muga hori, zentroaren inguruabar jakinen arabera, zerbitzua optimizatzeko irizpideak kontuan hartuta.
- Ez erabiltzea sexu esplizitua edota eduki xenofoboa, arrazista edo matxista duten webguneak, ezta delituak sustatzen dituzten, legez kanpokoak diren edo indarkeria akuilatzen duten webguneak ere.
- Ez erabiltzea instalazioak eta/edo azpiegitura, legez kanpokoak edo desegokiak diren beste edozer jardueratarako.
- KZguneak ez daude jolastoki gisa pentsatuta; horrenbestez, eskaintzen dituen zerbitzuak bestelako motibazio eta interesetarako baliatu beharko dira, hala nola hezkuntzarekin, lanarekin, ikerketarekin eta abarrekin lotuta.
- Zentroko altzariak eta ekipamendu informatikoa administrazioaren jabetza pribatua dira, eta hala errespetatu behar dira. Elementu horiei asmo txarrez egindako edozer kalte salatu egingo da agintari eskudunen aurrean.
- Harremanetarako datuak eguneratuta edukitzea, KZguneak bere webguneko gune pertsonalean erabiltzaileen eskura ipintzen dituen bitartekoen bidez.
Neurri horiek betez gero, KZgunearen zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsona guztiek ingurune segurua eta erosoa izango dutela bermatzen da, gaitasun digitalak garatzeko eta inklusio digitala areagotzeko bidean aurrera egiteko. Guztion artean, KZgunea teknologiei buruz ikasteko leku aproposa da. Dokumentu osoa kontsulta dezakezu hemen klik eginez.