Memoria 2025
KZguneak 2025ean egindako ekintzak eta ekimenak argitaratu ditu urteko memorian
2025 honetan, KZguneak azpimarratzen du banketxeekiko lankidetza online bankari buruzko formakuntza sortzeko eta formakuntza-modalitate guztietan eskariaren hazkundea.
KZguneak urtero egindako ekintza eta ekimen guztiak biltzen ditu, eta bere jarduera-memorian islatzen du. Duela gutxi, 2025eko memoria argitaratu da. Bertan, formakuntza-eskaintza aberasteko banku-erakundeekin izandako lankidetza estua eta teknologietan ikasteko KZguneaz fidatu diren milaka pertsonak nabarmentzen dira.
KZgunea sarea, Eusko Jaurlaritzako Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Saileko Estrategia Digitaleko Zuzendaritzaren mendekoa, erreferente bihurtu da, non pertsonek kalitatezko formakuntza jaso dezaketen eta teknologia berrien esparruan orientazio pertsonalizatua jaso. Non bizi diren eta haien ezagutza digitalen maila edozein izanda ere, beti dago KZgunea gertu, bertan ikasteko. 2025ean, 71.661 pertsonak jaso dute zerbitzuren bat KZgunearen eskutik, 2024an baino 8.000 inguru gehiagok. Pertsona horietatik 40.085 berriak izan dira, 16 urtetik aurrerako adin-tarte guztietakoak.
2025ean, KZgunea nabarmendu da pertsonek Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan dituzten behar eta zailtasun berriak identifikatzen etengabe egindako lanagatik, eta, horren ondorioz, "Ikasi online banka modu erraz eta seguruan erabiltzen" ikastaroa sortu da, banku-erakundeekin lankidetzan.
Administrazio-izapideak KZgunea zentroetan
Administrazioarekin izapide elektronikoak egiten herritarrei laguntza pertsonalizatua eskaintzeko, Eusko Jaurlaritzak proiektu pilotu bat abiarazi du 2025eko abenduan Elgoibarko KZgunean. Pilotu hori martxan jarri da zerbitzuaren funtzionamendua eta herritarren beharretara egokitzen den ebaluatzeko. Testuinguru horretan, herritarrek izapide hauek egin ahal izan dituzte KZgunearen laguntza pertsonalizatuarekin, gaur egun izapide horiek egin daitezkeen hiriburuetara joan beharrik izan gabe: trafiko-isunak ordaintzea, etxebizitza-eskubide subjektiboa eskatzea, etxebizitzarako prestazio ekonomikoa eskatzea, EPErako egiaztagiriak aurkeztea, seme-alabak dituzten familientzako laguntzak eskatzea eta Zuzenean zerbitzuan aurretiko hitzordua eskatzea. 2026ko urtarrilean, ekimen hori Amurrioko eta Lekeitioko KZguneak handitu egin dira.
Ekimen horren bidez, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu Sailak eta KZguneak herritarren autonomia digitala indartu nahi dute, eten digitala murriztu nahi dute eta zerbitzu publikoetarako sarbidea erraztu nahi dute kanal elektronikoen bidez, arreta integraleko eta kanal anitzeko ereduaren ildotik.
70.000 pertsona aktibo baino gehiago
2025ean eskainitako formakuntzari dagokionez, erabiltzaileek gehiago eskatzen dituzte aurrez aurreko ikastaroak, hezitzaileekiko hurbiltasuna baloratzen baitute: aurrez aurreko formakuntzako 59.386 ordu eman dira. Gaiari dagokionez, aurreko urteetako joerari jarraituz, oinarrizko formakuntzako ikastaroak dira oraindik gehien eskatzen direnak.
Urruneko ikastaroen bidez, eduki aurreratuagoak ematen dira beste modalitate batzuekin alderatuta, 1, 2 eta 4 asteko iraupena duten ikastaroetan. 2025ean, gehien eskatu diren urruneko ikastaroak ofimatika, produktibitatea, programazioa eta garapena, segurtasuna eta irudia eta bideoa kategoriekin lotutakoak izan dira. Guztira, 2025ean 1.869 pertsonari eman zaie formakuntza egokia.
Bideokonferentzia bidezko formakuntzan, aurreko urteetako joerari jarraituz, gehien eskatu diren ikastaroak aisia eta entretenimendua, produktibitatea eta ofimatikaa kategoriekin lotutakoak izan dira. Guztira 748 formkuntza-ordu eman dira, 2024an baino 140 gehiago.
KZgunearen aurrez aurreko hitzaldiak modalitate egokia dira IKTekin lotutako gaiei buruz azkar, erraz eta modu atseginean ikasteko. 2025ean 66 aurrez aurreko hitzaldi eman dira KZgunean eta 80 hitzaldi eman dira zuzenean YouTubeko @KZguneaTIC kanalaren bidez. Ondoren, kanalean eskuragarri geratu dira.
Gainera, KZgunearen tutoretza-zerbitzuak eskaera handia izaten jarraitu du, eta guztira 20.096 tutoretza eskaini dira, 2024an baino 1.000 inguru gehiago. KZgunearen tutoretzen bidez, 20.192 pertsonak Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruzko zalantzak argitu ahal izan dituzte.
Teknologia gero eta integratuago dago eguneroko bizitzan, eta ezagutza teknologikorik ez izateak gizartean atzean geratzea eta egunerokoan moldatzeko zailtasunak sortzen ditu. Herritar guztiek teknologiaz baliatzeko gaitasun digitalak eskura ditzaten, KZguneak egunero lan egiten du aholkularitza eta formakuntza eskaintzen Euskal Autonomia Erkidego osoan banatuta dauden zentroetara joaten diren pertsona guztiei.