Atzealdea

Memoria 2023

2023 urtea, KZgunerako, Suspertze-, Eraldatze- eta Erresilientzia-Planaren Espainiako estrategiarekin bat egiteagatik eta formakuntza-kategoria berri bat sortzeagatik nabarmendu da

KZgunearen 2023ko memoria eskuragarri dute erabiltzaileek. Bertan, urtean zehar egindako ekintzak eta ekimenak errepasatzen dira, eta eskaintzen dituen formakuntza guztiei buruzko urteko datuak zehazten dira. 2023ko memoria horretan, nabarmentzekoa da KZgunea bat datorrela Europak konpetentzia digitaletan dituen erronkekin eta formakuntza-eskaintza zabaldu dela.

22 urte hauetan, KZgunea sarea, euskal lurralde osoan dagoena, erreferentzia-puntu gisa finkatu da, non pertsonek kalitatezko formakuntza jaso eta aholkularitza pertsonalizatua lor dezaketen teknologia berrien esparruan. 2023an, teknologia berriek lekua hartzen jarraitzen dute gizarte-eremu gehienetan. 2023an, 69.077 pertsonak jaso dute zerbitzuren bat KZgunearen eskutik; horietatik % 57,2 emakumeak dira eta % 42,8 gizonak. Pertsona aktibo horietatik, 2023an, 41.201 berriak izan dira, 16 urtetik aurrerako adin-tarte guztietakoak.

2023ko berritasunen artean, KZgunearen lan-plan berria nabarmentzen da, Next Generation funts europarrak bideratzeko sortutako Suspertze-, Eraldatze- eta Erresilientzia-Planarekin (PRTR) bat datorrena. Herritarren eta langileen formakuntza eta inklusio digitala bermatzeko, 2025. urtearen amaierarako gutxienez EAEko 30.248 pertsona formatzeko asmoa ezarri da. Helburu horren alde lanean jarraituko du KZguneak hurrengo 2 urteetan.

KZgunearen 2023ko memorian ere formakuntza-kategoria berri bat sartu da: laguntza-ikastaroak. Ikastaro hauek pertsonei laguntzera bideratuta daude, gaitasun digitalak eskuratuz, lanarekin, enplegagarritasunarekin, ikaskuntzarekin, aisialdiarekin, gizarteratzearekin eta gizartean parte hartzearekin lotutako helburuak lor ditzaten. 2023an 7 ikastaro sartu dira kategoria berri honetan.

KZgunearen informazio-sistemek ere berrikuntzak izan dituzte: ikastaroak kategorizatu egin dira eta gaitasun digitalen maila desberdinetara egokitu dira, eta gaitasun digitalen autodiagnostiko-test bat argitaratu da, erabiltzaileentzako ikastaro egokienak zein diren zehazteko, besteak beste.

2023an eskainitako formakuntzari dagokionez, aurrez aurreko ikastaroak asko eskatzen dira oraindik KZgunean, erabiltzaileek hezitzaileekiko hurbiltasuna baloratzen baitute: aurrez aurreko formakuntzako 47.246 ordu eman dira. Aurreko urteetako joerari jarraituz, oinarrizko formakuntzako ikastaroak dira oraindik gehien eskatu direnak 2023an.

Urruneko ikastaroak beste formakuntza-modalitate batzuekin alderatuta eduki aurreratuagoak eskaintzen dituztelako bereizten dira, eta edonondik eta edozein ordutan ikasteko erosotasuna eskaintzen dute. 2023an, 2.290 formakuntza-ordu eman dira, eta ikastarorik aipagarrienak produktibitatearen, sare sozialen eta programazio eta garapenaren kategoriei dagozkie.

Bideokonferentzia bidezko formakuntzan, aisia eta entretenimendua, produktibitatea, ofimatika eta irudia eta bideoa nabarmendu dira, 604 orduko formakuntzarekin.

KZguneak eskaintzen dituen hitzaldiei dagokienez, 2023an 38 hitzaldi presentzial eman dira KZgunearen zentroetan, eta 80 zuzeneko hitzaldi eman dira Youtubeko KZguneaTIC kanalaren bidez. Ondoren eskuragarri egongo dira.

Formakuntza-eskaintza zabal horri gure hezitzaileek eskainitako 14.439 tutoretzak gehitu behar zaizkio, hau da, 2022an baino gehiago (10.541). Horrek erakusten du pertsonek KZgunean espazio hurbil eta eroso bat ikusten dutela zalantza teknologikoak kontsultatzeko edo aholkularitza jasotzeko.