Día Internacional de las Niñas en las TIC
Lidergoa: IKTen alorreko Nesken Nazioarteko Egunaren leloa
2024ko apirilaren 25ean IKTen alorreko Nesken Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aurtengo gaia 'Lidergoa' da, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako karreretan emakumezko eredu sendoen behar kritikoa azpimarratzeko.
IKTek funtsezko zeregina betetzen dute gizartean, etengabe aurrera egiten ari baita. Hala ere, genero-arrakala eremu digitalean ere ageri da: kokapen geografikoak, baliabide ekonomikoek, hezkuntzak eta hizkuntzak eragin zuzena dute arrakala horretan. Errealitate hori aldatzeko, 2010az geroztik, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasunak IKTen alorreko Nesken Nazioarteko Eguna ospatzen du.
'Lidergoa' lelopean, apirilaren 25ean emakumeen ahalduntzea eta lidergoaren garapena sustatzeko helburua ezarri da, IKTen etorkizun bidezkoagoa lortzeko. Europar Batasunean, unibertsitateko titulazioa duten 1.000 emakumetik 29k baino ez dute IKTekin lotutako karreraren batean graduatzen, eta horietatik lauk bakarrik amaitzen dute lanpostu batean informazioaren eta komunikazioaren teknologia berrien munduan.
Gaur egun emakumeek mundu-mailan kalifikazio handia duten enpleguen % 40 okupatzen badute ere, IKTekin lotutako esparruetan duten partaidetza txikia da oraindik. Munduko Ekonomia Foroaren arabera, teknologia-industriako CEOen % 6 baino ez dira emakumeak.
Teknologia-arloko ekitate baxu horren arrazoiak honako hauek izan daitezke: neskek eta emakumeek beharrezko trebetasunik ez dutelako uste faltsua; emakumeak gizarte-trebetasunei dagokienez hobeak eta teknologiari dagokionez okerragoak direlako pertzepzioa; eta gizonen hezkuntza emakuneen hezkuntzaren gainetik kokatzen duten herrialdeen hezkuntza-desabantailak.
IKTen alorreko Nesken Nazioarteko Egun honetan, neska eta emakume gazteak teknologiekin lotutako arloetan trebatzeko, lidergo-postuetan dauden emakumeak ezagutzea inspiratzailea izan daitekeela uste da. Horrela, edozein pertsonak edozein arlotan aurrera egin dezakeela frogatzen da, bere generoa, arraza edo erlijioa edozein izanda ere.
KZguneak azpimarratzen du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien bideak eskuragarria izan behar duela edozein pertsonarentzat, eta duela 20 urte baino gehiagotik ari da lanean ikaskuntza eskuragarria eta bidezkoa izan dadin. KZguneak bere erabiltzaileen erdiak inguru emakumeak direla ospatzen du, baita eta hauek formazio ezberdinetan duten presentzia nabarmena dela ere. KZguneak lanean jarraituko du Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien eremuan dagoen genero-arrakala murrizteko.