Atzealdea

Datos TIC Euskadi

Eustatek landutako datuen arabera, azken 3 hilabeteetan Internetera konektatu diren 15 urtetik gorak pertsonen kopurua 1.630.000 da; hau da, 2021ean baino % 1,4 gehiago.

Etxean, lanean edo ikastetxean izanda, Euskal Autonomia Erkidegoan gero eta pertsona gehiago konektatzen dira Internetera. Honen erakusgarri dira Eustatek plazaratu dituen azken datuak; izan ere 10 pertsonatik 8 Internetera konektatu dira azken 3 hilabeteetan. Era berean, EAEko familien % 86,9k Internet dute beren etxebizitzetan, 2021ean baino % 0,5 gutxiago baina 2020an baino % 1,8 gehiago, pandemiak EAEko familien eguneroko bizitza aldatu aurretik.

Azken urteetan bezala, 65 urte eta gehiagoko biztanlerian igo da gehien Interneten erabilera, 2022an % 55,3ra iritsiz. Hala ere, adin-tarte horrek jarraitzen du zifrarik txikienak izaten, gainerako taldeek % 93tik gorako zifrak baitituzte, batez ere 54 urtetik beherakoek; haietan ia biztanle guztiek erabiltzen dute Internet. Horregatik, KZgunean lanean jarraitzen dugu adin-talde guztiek ikasteko aukera berdinak izan ditzaten eta gero eta teknologikoagoa den gizarte honen parte senti daitezen, maila guztietako prestakuntzen eta banakako tutoretzen bidez.

Generoari dagokionez, gizonezkoen % 87k Internet erabiltzen du, emakumeen artean, berriz, % 85,2k. Beraz, generoen arteko aldea ehuneko 2,4 puntukoa da 2022an, eta zifra hori bi puntu murriztu da 2021arekin alderatuta. Jaitsiera horrek esan nahi du emakumeek bilakaera positiboa izan dutela gizonekin alderatuta, batez ere adin handieneko taldeetan, horietan baitago alderik handiena. Nabarmentzekoa da 2021ean 65 urte eta gehiagoko 21.400 emakume berri sartu direla Interneten.

Internet erabiltzeko helburuari dagokionez, WhatsAppen eta berehalako mezularitzako beste aplikazio batzuk dira erabiltzaileek gehien erabiltzen dituztenak, % 92tik gorako ehunekoekin. Nabarmentzekoak dira, halaber, mezu elektronikoak jaso edo bidaltzeko zerbitzuak ( % 83,1), gaurkotasuneko albisteak, egunkariak edo aldizkariak irakurtzeko zerbitzuak ( % 71,4) eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzeko zerbitzuak ( % 71,8).

Jarduerari dagokionez, Eustatek emandako datuek erakusten dute Interneten erabilera askoz ere handiagoa dela ikasleen eta landunen artean, erabiltzaileen % 99,9 eta % 99,2 baitira, hurrenez hurren. Bestalde, biztanleria ez-aktiboaren eta langabearen artean Interneten erabilerak gora egin du gehien 2021eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, baina gainerakoetatik urrun jarraitzen du ( % 67,4). Ildo horretan, KZguneko prestakuntzetara langabezian dauden pertsona asko etortzen dira, beren eskumenak garatzera edo tutoretza indibidualetara, non hainbat izapide administratibo elektroniko egiten eta, oro har, arlo teknologikoan dituzten zalantzak argitzen laguntzen ditugu.

Dituzun urteak dituzula, edonondik zatozela ere eta behar duzuna behar duzula, zain izango zaitugu KZgunean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei buruzko zure ikaskuntzan aholkatzeko eta laguntzeko.