Certificados KZgunea 2022
AENOR-ek KZgunearen kalitatearen kudeaketa ona berretsi du beste urte batez.
AENORek, Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkarteak, ziurtatu du KZguneak, beste urte batez, kalitate-estandarrak betetzen dituela, eta, indargune gisa, hezitzaileen profesionaltasuna, arreta erakartzeko gaitasuna eta parte-hartzea sustatzea aitortu ditu, ikaskuntza handiagoa izan dadin.
KZguneak, kalitatezko zerbitzua bermatzearen alde egin duen apustuan, beste urte batez, AENORek honen berrikuntza eta kalitatea berrestea lortu du, proiektua osatzen duten pertsonen elkarlanari esker eta erabiltzaile guztiek proiektuaren parte izateko egin duten apustuari esker.
AENORen iritziz, KZgunea proiektuaren indargunea honako hau da: ikastetxeetako hezitzaileen profesionaltasuna, ematen dituzten ikasgaien ezagutzei dagokienez; prestatzen ari diren pertsonen arreta bereganatzeko gaitasuna; eta pertsona horien parte-hartzea sustatzea, ikaskuntza-prozesua errazteko. Era berean, AENORek KZgunea zoriondu du 2021ean lortutako emaitza onengatik, baita pandemia egoeran egonda ere, eta 2022ra begira balio zorrotzagoak dituzten konpromisoen jomugak berrikusteko hartutako erabakiagatik.
Alde batetik, AENORek ISO 9001:2015 kalitate-ziurtagiria berritu dio EJIEri, KZgunea EJIEren Berrikuntza eta Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren (SGIQ) parte izanik. Horrek bermatzen du KZgunearen sistemak kalitate handiko zerbitzua eskaintzen jarraitzen duela eta “Euskadiko herritarrentzako IKT-ei buruzko prestakuntza-zentroak kudeatzeko jarduera” baloratzen duela.
Bestalde, KZguneak UNE 93200:2008 ziurtagiria berritu du aurten ere, joan den urtarrilean berrikusi zen KZgunearen Zerbitzuen Karta ziurtatzen duena. Horrela, proiektu honek zerbitzu-kartei buruzko AENORen araudia betetzen duela ziurtatu da berriz.
Beraz, aurten ere, IKTak gaitzeko zentroen euskal sareak kalitatearen aldeko konpromiso sendoa du, eta horixe da bere jardueren oinarria. Urtero, KZguneak kalitate- eta berrikuntza-irizpideak betetzen ditu, eta, bere helburu nagusien artean, urtez urte lortzen jarraitzea dago.