Araudiaren xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua.- Araudiaren xedea

Araudi honen helburua KZgunearen erabiltzaileen eta eskainitako zerbitzuen arteko harremana arautzea da.

KZgunea kudeaketa-zentroak beharrezkotzat jotzen duenean aldatu ahal izango du araudi hau, eskainitako zerbitzuak etengabe hobetzeko xedez. Araudiaren bertsio-aldaketak KZgunearen webgunean argitaratuko dira, eta zentroetan banatuko.

KZgunearen zerbitzuak erabiltzeak esan nahi du araudiko eta haren eguneratzeetako arauak onartzea eta betetzea.

2. artikulua.- Aplikazio-eremua

Araudi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Sareko KZgunea zentro guztietan izango da aplikagarria, baita KZguneak parte hartzen duen plataforma digitaletan ere (Facebook, Twitter, blog, Moodle...).

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

3. artikulua.- KZgunearen erabiltzaileak

  • Edozein pertsona fisikok eman dezake alta KZgunean, edozer dela ere haren nazionalitatea edota bizilekua, baldin eta 14 urte edo gehiago baditu (araudi honen 9. artikuluan bildutako salbuespen-kasuetan izan ezik) eta indarrean den nortasun-agiri ofizial bat aurkezten badu (NAN, pasaportea, AIZ, gidatzeko baimena).
  • Erabiltzaile batek ez balitu erabiliko bost urtez KZgunearen zerbitzuak, KZgunearen zerbitzuetara sartzeko bidea erretiratuko zaio.
  • Edozer arrazoi dela medio, baja emandako erabiltzaile batek berriro ere alta eman nahi badu KZgunean, izena emateko prozesua errepikatu beharko du. Aurrez emanda zeuzkan datuak ez dira inola ere berreskuratuko.
  • Erabiltzaile batek noiznahi eskatu ahal izango du KZgunearen zerbitzuetatik baja ematea; horretarako, eskabide bat izapidetu beharko du KZgunearen edozer zentrotan, indarrean den nortasun-agiri bat aurkezten badu (NAN, pasaportea, AIZ, gidatzeko baimena).

4. artikulua.- Eskubideak

  • Zentroko langileen arreta jasotzea, euren denbora-erabilgarritasunaren arabera, lehentasun irizpideei erreparatuta, betiere zalantzak argitzeko KZguneak bere sarean ematen dituen zerbitzuen erabilerari buruz.
  • Zentroak eta zentrootan eskainitako zerbitzuak baliatu ahal izatea, gizon-emakumeen arteko berdintasun-irizpideei lotuta eta sexu-, jatorri- eta/edo erlijio-arrazoiek eragindako diskriminaziorik gabe.
  • Zerbitzu guztiak doan erabili ahal izatea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetako edozeinetan (euskara edo gaztelania) arreta jaso ahal izatea.
  • Datu pertsonalen konfidentzialtasuna bermatuta edukitzea eta zentroetan egindako jardueren pribatutasuna gordetzea.
  • KZguneako Formakuntza Eskaintza osatzen duten formakuntza-ekintzetako izen-ematea kudeatzea, gure webguneko gune pertsonalaren bitartez.

5. artikulua.- Betebeharrak

  • KZguneako zerbitzu guztiak baliatu ahal izateko, erabiltzaileek zerbitzuan erregistratu behar dute eta erabilera-araudia onartu.
  • KZgunearen helburua gune bat eskaintzea da, herritarrek KZguneak eskaintzen dituen zerbitzuak jaso ahal izan ditzaten. KZguneak ez daude jolastoki gisa pentsatuta; horrenbestez, eskaintzen dituen zerbitzuak bestelako motibazio eta interesetarako baliatu beharko dira, hala nola hezkuntzarekin, lanarekin, ikerketarekin eta abarrekin lotuta.
  • Zentroaren ardura duten langileak erabateko errespetuz eta adeitasunez tratatzea, eta haien esana entzutea, jokabide erasokor edo oldarkorrik izan gabe eta eraso egin gabe haien askatasun pertsonal-sexualari edota duintasunari.
  • Interneten ibiltzeko denbora-mugak betetzea, zentro bakoitzak finkatuta bezala. Lehentasun osoa izango du beti zentroa formakuntzarako erabiltzeak. KZguneak aldatu ahal izango du muga hori, zentroaren inguruabar jakinen arabera, zerbitzua optimizatzeko irizpideak kontuan hartuta.
  • Ez erabiltzea sexu esplizitua edota eduki xenofoboa, arrazista edo matxista duten webguneak, ezta delituak sustatzen dituzten, legez kanpokoak diren edo indarkeria akuilatzen duten webguneak ere.
  • Ez erabiltzea instalazioak eta/edo azpiegitura, legez kanpokoak edo desegokiak diren beste edozer jardueratarako.
  • Zentroko altzariek, hardwareak eta softwareak jabetza pribatua dute, eta hala errespetatu behar dira. Elementu horiei asmo txarrez egindako edozer kalte salatu egingo da agintari eskudunen aurrean.
  • Harremanetarako datuak eguneratuta edukitzea, KZguneak bere webguneko gune pertsonalean erabiltzaileen eskura ipintzen dituen bitartekoen bidez (http://www.kzgunea.eus/eu/gune-pertsonala)

6. artikulua.- Erreklamazioak eta iradokizunak

Gure zerbitzuak eta erabiltzaileen satisfazioa hobetzeko helburuarekin, KZguneak hainbat bitarteko ditu erreklamazioak eta/edo iradokizunak jarri zein adierazteko:

  • Iradokizunen edo erreklamazioen orri bat eskatzea, egunean gutxienez lau orduz irekita egoten den zentro batean, betiere langilerik libre dagoen bitartean;
  • KZgunearen webgunean dagoen esteka (www.kzgunea.eus/eu/erreklamazioak-eta-iradokizunak).

Erantzun pertsonalizatua emango zaie eskatutako erreklamazio guztiei, baldin eta datu pertsonalak egokiro jasota badauzkate. Haien itxarote-denbora gure webgunearen Zerbitzuen Kartan dago zehaztuta.

KZgunearen ardura izango da erreklamazioak edota iradokizunak kudeatzea, baldin eta lotuta badaude KZguneak eskaintzen dituen zerbitzuen esparruarekin aurrez aipatu dugun Zerbitzuen Kartan.

KZgunearen zerbitzua erabiltzeko araudia

7. artikulua.- Erabilera-arauak

  • Nabigazio-zerbitzu orokorraren erabilgarritasuna aldatu liteke, baldin eta KZguneak irizten badu lehentasun handiagoa duela bestelako jardueraren batek bere proiekturako.
  • Nabigazio-zerbitzuak sarbide-mugapena dauka web-eduki batzuetara sartzen ez uzteko. Alde horretatik, erabat debekatuta dago deskarga-orrietara edota eduki sexual esplizitua duten orrietara sartzea, baita delitu-egintzak sustatzen dituzten, lege-araudia betetzen ez duten, eduki xenofobo edo arrazista biltzen duten edota indarkeria sustatzen duten orrietara sartzea ere.
  • KZguneako erabiltzaileen Interneteko nabigazioa monitorizatu egiten da, eta erregistratuta geratzen dira pertsonaren datuak, erabilera-eguna eta -ordua, edota zer eduki bisitatzen diren. Monitorizazio hori urriaren 18ko 25/2007 Legeak eskatzen du (komunikazio elektronikoen datuak gordetzeari eta komunikazio-sare publikoei buruzkoa). Datu horiek informazioa eskuratzeko aztertuko eta/edo lagako dira, eskudun organoren batek eskatuko balitu.
  • Ezingo da argazkirik egin, ezta bideo edo audiorik grabatu ere KZgunearen barruan, dagokion baimena eskatu ezean.
  • Inprimagailuaren erabilerari dagokionez, erabiltzaile bakoitzak egunean gehienez 5 orri inprimatu ahal izango ditu, betiere hezitzaileen erabilgarritasunaren eta zentroaren kudeaketa-beharren arabera.
  • Ekipo informatikoen soinua aurikularren bidez entzuteko, ezinbestekoa izango da hala eskatzen duen KZguneako formakuntza bat egiten aritzea.
  • Debekatuta dago janaririk edo edaririk aretoen barruan kontsumitzea.
  • KZguneako erabiltzaile orok bizikidetzako eta higiene pertsonaleko arau sozialak zaindu beharko ditu, gainerako guztiak errespetatzeko.
  • Erabiltzaileek erabat debekatuta edukiko dute telefono mugikorrak edota aretoaren erabilera arrunta nahas dezaketen gailu elektronikoak erabiltzea.
  • Ekipo bakoitzeko «Deskargak» karpetan biltegiratzen den informazioa publikoa da, eta egunero ezabatuko da. Horri dagokionez, KZguneak ez du erantzukizunik izango erabiltzaileek biltegira litzaketen datuen eta fitxategien gainean. Ezabatutako datuak ez dira beste inolako gailutan biltegiratuko, eta, ezabatu ostean, ezingo dira berreskuratu inola ere.
  • Debekatuta dago animaliak sartzea, gidaritza- edo segurtasun-lanak egiten dituztenak izan ezik.
  • KZguneak ez du erantzukizunik izango, erabiltzaileek instalazioetan objektu pertsonalak galduz edota lapurtuz gero.
  • Zerbitzuan alta ematean jasotako erabiltzailea eta pasahitza pertsonalak eta besterenezinak dira, eta ez dira hirugarrenei ematekoak. Segurtasun-kontuak direla eta, gomendatzen da aldatzea tartean behin sartzeko pasahitza, KZgunearen webguneko gune pertsonaletik.
  • Aurrez aurreko formakuntza-ekintzetan norbere gailuren bat erabiliz gero, erabiltzaileak honako hauek onartuko ditu:
    1. aitortzen duela gailuak bereak direla;
    2. bere ardurapean jarraitzen dituela hezitzaileen aholkuak, eta hezitzaileak zein KZgunea ez direla arduratuko gailuen gainean egindako edozer ekintzaz;
    3. KZguneako langileek ez dutela manipulatuko gailua inola ere;
    4. ez dela laguntzarik eskainiko inolako sistema eragilerik edota softwarerik instalatzeko;
    5. erabiltzailearen ardura dela erabat gailuaren zaintza, zerbitzuak irauten duen denbora guztian;
    6. ezingo direla gailu informatikoak/periferikoak biltegiratu edo utzi KZgunearen zentroan;
    7. KZguneak ez duela ardurarik hartuko gailuarekin zentroan gertatzen denari buruz.
  • KZgunearen helbide elektronikoaren titularrak kontuan izan beharko du, posta-zerbitzura sei hilabeteko tartean sartu ezean, baieztatu egin beharko duela posta-helbidearen jarraitutasuna titular gisa, denbora hori igaro ostean eta KZguneak dagokion komunikazioa egin ondoren. Baieztatu ezean, baja emango zaio helbideari behin betiko, eta ez du aukerarik izango hura berreskuratzeko.
  • KZguneako ikastaroak egiteko altan ematen diren helbide elektronikoak, sortu eta 15 egunera emango zaie baja, sortutako formakuntza-esparruaren barruan bakarrik biltzen baitira.
  • Berehala baja emango zaio KZgunearen helbide elektronikoari, egokiro erabili ezean.

Zentroetara sartzea

8. artikulua.- Ordutegiak

KZgunea bakoitzaren ordutegia gure webgunearen barruko zentroaren fitxan dago jasota:

http://www.kzgunea.eus

Bi ordutegi mota daude:

  • Udalak zabaldutako ordutegia: Zentroaren irekiera-ordua, KZguneako langileekin edo gabe. Hezitzailerik ez dagoenean, Udalak hartuko du irekitzeko ardura.
  • KZguneako pertsonala dagoen irekitze ordutegia: Gure hezitzaileak KZgunean izango diren ordutegia.

KZguneako hezitzaileen lehentasuna formakuntza-jarduerak egitea da; hori dela eta, halako jarduerak egitean, ez da posible herritarrentzako arreta-zerbitzua eskaintzea.

Kudeaketa hobetzeko eta zerbitzua kalitate handiagoz emateko, kontsulta pertsonalizaturen bat behar denetan, zentroarekin harremanetan ipini beharko da, hitzordua zehazteko.

Era berean, IT-Txartela probak egitera bideratutako saioetan, probak egiteko zentroetako aretoak itxita egongo dira publikoarentzat.

KZguneak ez du bere gain hartuko zentroetan gertatzen den jardunaren gaineko ardurarik, hezitzailea falta den ordutegietan.

9. artikulua.- Erabiltzaileen adina

KZguneako erabiltzaileek 14 urte edo gehiago izan beharko dituzte, Udalak adin txikiagoko inor sartzea eskatu ezean. Kasu berezi bakoitza kontsultatzeko, zentroaren fitxa kontsultatu liteke gure webgunetik:

http://www.kzgunea.eus

Adingabeak KZgunean sartu ahal izateko, legezko tutoreek baimen-orri bat bete eta sinatu beharko dute nahitaez (KZgunearen zentroetan eskura daitezke).